Ahal Dugu, Ezkerra, Batzarre eta independenteen talde bat batu dira, «ezker feminista, berde eta transformatzailearen» indar berria izateko.

«Oraingoan, garaiz gaude». Hori erran du Begoña Alfaro Nafarroako Ahal Dugu-ko koordinatzaileak, Zurekin Nafarroa ezkerreko koalizio berriaren aurkezpenean. Gaur goizean, Iruñeko Zaldi Zuria jatetxearen terrazan antolatu dute hitzarmena sinatzeko ekitaldi publikoa, eta aurkezpenean izan dira, Alfaroz gain, Carlos Guzman Ezkerrako koordinatzailea, Olga Risueño Batzarreko bozeramailea, Txema Noval Burlatako alkate ohia eta Xabier Castro NafarroakoAhal Dugu-ko Enplegu Arloko arduraduna.

Suspentsea ez da luze izan eta berehala ezagutarazi dute taldearen bortz koloretako logoa, txalo artean. Ekitaldi musikatu batean, «itxaroten zen bide berri bat» irekiko dutela xehatu dute. Gizartearen «hutsune» bati emaniko ihardespena izan nahi dute, eta azaldu dute prest daudela erronkari erantzuteko: zazpi ardatz izanen ditu koalizioak, krisiei aurre egiteko. «Feminismoa, ekologismoa, justizia soziala, zerbitzu publikoa, pazifismoa, inklusibitatea eta gizarte eta lurralde kohesioa» dira «oinarrizko balioak», Alfarok jakinarazi duenez.

2023. urtearen xedea aipatu badute ere, heldu den urteko hauteskundeetatik haratago irudikatu dute formazioa, «etorkizuneko proiektu gisa, beste espazio eta pertsonak eraikitzeko».

 

Albistea: Berria

Yasmine Chris

Endika Portillo / Foku

Comparte