Podemos Ahal Dugu Nafarroa, Nafarroako Ezker Batua, Batzarre eta Alianza Berdea alderdiek, pertsona independente taldearekin batera, proiektu bakarrean batzea erabaki dugu, Nafarroako politikaren dinamika biziberritu eta suspertzeko asmoz eta erkidegoko errealitate sozialarekin duen lotura sustatuko dugu. Pertsonen bizitza benetan aldatzen lagundu nahi dugu. Horretarako eta alderdi gogoeta komun batetik abiatuta, gure jarduera politikoari eman nahi diogun orientazioa helarazi nahi diogu gizarteari, alderdiekiko atxikimendurik ez izateak ematen digun askatasunetik eta gure erkidegoa gizarte hobea bilakatzeko konpromisotik abiatuta.

Une honetan, estatuan, oro har, eta Europan ere, gorakada erreakzionario eta inboluzionista baten aurrean gaude, eta horrek arriskuan jartzen ditu aurreko belaunaldiei konkistatzea hainbeste kostatu zitzaien eskubideak eta askatasunak. Ezkerretatik, aliantza politiko eta sozialak eraikitzearen aldeko apustua egin behar dugu, tokikotik eta autonomiatik gure herriaren gehiengo sozialaren eskubideak eta interesak defendatu eta, aldi berean, sakondu eta zabaldu nahi dituen bokazio eraldatzaileko fronte zabal bat eratzen lagunduko dutenak.

Proiektu hau bultzatu genuen indar politiko eta pertsonak funtsezkoak izan ginen 2015ean gertatu zen Nafarroako aldaketa politikoa posible izan zedin. Gure ustez, aldaketa hori indartu eta sakondu egin behar da.

Ildo horretan, proiektu hau hainbat helburu eta erronkarekin sortu da:

1. Beharrezkoa da ezker berdearen, feministaren, errepublikanoaren eta eraldatzailearen elkargune den espazio politiko plurala indartzea. Gizartearen zati horri dagokion ahotsa eta garrantzia eman behar zaizkio, berdintasunarekin, sakontze demokratikoarekin, pertsonen askatasun eta eskubideekin, elkartasunarekin eta gure planetarekiko errespetuarekin benetan konprometituta dagoen gizarteari, hain
zuzen; betiere, orientazio ekosozial argia izanik. Eremu hori
politikoki ahuldu izan denean, legegintzaldi honetan esaterako, gure gizarteak ez du behar den erritmoan egiten aurrera, handiagoa baita aurre egin beharreko erronken erritmoa.


2.
Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaigu ezker eraldatzaileko talde politikoekin (Podemoseko, Ezker Batuko eta Batzarreko) eta gure komunitatea eraldatzeko balio progresistetatik abiatuta, gurekin bat egin nahi duten pertsona guztiekin unitate-proiektu baten alde egitea. Hori dela eta, hitz ematen dugu unitate hori lortze aldera, ahalik eta konpromiso, erantzukizun eta leialtasun handienari eutsiko diogula, eta baita etorkizunean mantentzeko ere, epe luzeko proiektu gisa, epe laburreko hauteskunde-larrialdietatik haratago, eta betiere gaur sortu dugun espazio pluralean izanen diren sentsibilitateak errespetatuz

3. Beste indar eta espazio progresista batzuekin lankidetzan aritzeko bokazioa adierazten dugu, gehiengo zabalak eraikitzeko, gure nafar gizartea eta erakundeak eraldatze-agertoki horretara bideratzeko gai izango direnak; une honetan indar kontserbadoreek eta eskuin muturrekoek duten erregresio-arriskua saihestuz. Era berean, lankidetza eta koordinazio estuan jardungo dugu Espainia osoko gure indar politiko kideekin, arrakasta aukerak zabaltzeko aldaketa politiko eta sozialean sakontzeko bide horretan.


4.
Guztion artean, herritarren parte-hartze handiko dinamika baten bidez, XXI. menderako gizarte-aldaketarako agenda bat eraiki nahi dugu, proposamen berrituak dituena. Era berean, gogoetarekin eta eztabaidarekin dugun konpromisoa azpimarratu nahi dugu, dogmatismoetatik eta interes partikularretatik urrun. Eta herritarren eguneroko bizitza hobetzeko gai diren proposamen praktiko eta bideragarriak mahai gainean jartzeko asmoa berretsi nahi dugu.

5. Nafarroa osoarentzat, existitzen diren identitateen aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduaren alde egiten dugu, bai alderdi politikoan, bai kulturalean, eta, beraz, pentsamendu, ideia eta iritzien askatasuna eta haren zilegizko adierazpen demokratikoa defendatzeko konpromisoa hartzen dugu. Identitate horiek (nafarra / euskalduna / espainiarra / europarra…) gizartea eraldatzeko proiektu aurrerakoi bat eraikitzeko bidean elkarrekin bizi daitezkeela eta elkarri lagundu diezaioketela uste dugu, elkarrizketatik abiatuta. Era berean, adierazi nahi dugu gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla, eta horiek zaindu eta sustatu egin behar ditugula,
betiere askatasunetik, eskubideen bermetik eta bizikidetzatik.

 

Irakurtzen jarraitzeko, klikatu HEMEN

Comparte